«Saltsan berritu egingo da, esentzia galdu barik, konfiantzazko gastronomian erreferente izateko» – Iñaki Uribe


1.- Nahasia da testuingurua. Zelan daroazue?

Osasun-krisia hasi zenetik, egoera gainditzen saiatu gara, unean unera egokituz. Hasieran, ni bakarrik geratu nintzen dendan, Saltsaneko bezeroei zerbitzua ematen, eta, pixkanaka-pixkanaka, sartzen joan dira gainerako langileak. Argi genuen ezin genituela gure bezeroak alde batera utzi.

Saltsanen oraindik ez gaude betiko martxan, catering asko egiten baititugu enpresentzat, ekitaldietarako… Eta, orain, pandemiaren ondorioz, murriztuak daude lan horiek. Horregatik, testuinguru honetan, gure denda-zerbitzua, take away, bultzatzea eta berritzea erabaki dugu. Bestetik, Saltsanen karta, lokala eta irudia berritu ditugu, garai eta behar berrietara egokitzeko.

Ilusioz heldu diogu Saltsanen berritzeari, eta oraindik betiko erritmoan lanean ari ez bagara ere, oso positiboak gara, laster egitea espero dugu. Egoera honetatik indarberrituta irteteko esperantzaz dihardugu.

2.- 1994an jaio zen Saltsan. Ordutik, izan dira hainbat gorabehera. Baduzue esperientzia…

Hala da. 26 urte igaro dira saltsan sortu genuen egunetik. Iazkoa, oso urte berezia izan zen guretzat, 25. urteurrena ospatu genuelako. Nork esango zuen urtebete geroago negozioa berritu beharra izango genuela…

1994an sukaldaritza ikastaroekin hasi ginenetik, asko aldatu da Saltsan, bizitza bera bezala. Hazi egin gara, eta gure eskaintza zabaldu dugu: lehenik, denda zerbitzua edo ekitaldietarako cateringa modukoak eskaintzeari ekin genion; eta inguruko enpresendako lanean hasi ginen ostean.

Urte batzuk geroago, nire hasierako bazkideak eta biok jatetxe bat hartu genuen Elorrion, eta hor ere sektoreari buruzko ikasketa asko geureganatu genituen. 2005ean, jatetxearekin jarraitu zuen nire bazkideak, eta, nik, Saltsanekin. Ordutik hona, beti saiatu izan naiz gastronomiarekin, enologiarekin eta abarrekin zerikusia duen guztia ikasten eta irakasten, eboluzionatuz, bizitza bera bezala.

Hausnarketa gisa esango nizuke beti egon behar dela borrokan, egunero gogor lan egiten, mila egoera gainditzeko; krisia ez bada, pandemia bat da… Beti dago zerbait. Ilusioa eta lan egiteko gogo handia izatea da garrantzitsuena. Horrela gainditzen dira arazo guztiak.


3.- Osasun krisiak zein eragin izan du herriko negozioetan?

Krisi honek, denek bezala, “pilak jarri” behar izatea dakar. Ez dizu lasaikerian erortzen uzten. Arazo bat dagoen bakoitzean, positiboak izan beharra dugu. Eta, aurrera begiratu beharra dago, arazoa bera gainditzeko.

Une honetan, nabari da koronabirusaren krisiaren ondorioz, negozio txikiei ahal den neurrian laguntzen saiatzen ari direla herritarrak eta erakundeak. Eskertzekoa da hori. Dena den, laguntza horiek oso garrantzitsuak diren arren, norberak ahalegin mugagabeak egin behar ditu bere negozioa aurrera ateratzeko: berritu, gogor lan egin, bide eta proposamen berriak bilatu… Hori da Saltsan egiten dabilena: berrasmatu eta hazi.

4.- Egoera berrira egokitzen diharduzuela diozu. Zein aldaketa egin ditu Saltsanek?

Hori da. Lehen esan bezala, 26 urteren ondoren, berrasmatzen ari da Saltsan, egoera berrira egokitzen. Besteak beste, bitartekoak jarri gura ditugu inguruan sortu diren behar berriak asetzeko. Horregatik, aurkezten ari garen Saltsan berri honetan, garrantzia handia eman diegu dendari, eramateko janariari, proposamen gastronomikoen aniztasunari (beganoa, glutenik gabea, healthya, etab.)… Era berean, etxez-etxeko janari-zerbitzua diseinatzeari ekin diogu. Hori guztia, ekitaldietarako, enpresetarako eta abarretarako catering-proiektuak berpizteko, eta, horrekin batera, negozio guztiek normaltasuna berreskuratzeko esperantzaz.

Beraz, 26 urte geroago, Saltsan berritzen ari gara: gure irudia (logoa, webgunea, etab.), kartaren eskaintza (0km produktuak, kalitatezkoak, gastronomia berrikuntzak, produktu bereziak…), zerbitzuak (take away eta etxez-etxeko janari-zerbitzua)… Bizirik gaudenaren seinale da aurrera egiteko eta aldatzeko dugun ilusioa. Aurrera egingo dugu. Eta, horretarako, zela ez, funtsezko izango dira pilaturik dugun esperientzia eta Saltsanen daukagun profesional taldea, gure bizkarrezurra dena. Elkarrekin gogor egingo dugu lan aurrera egiteko. Beti positiboki eta ilusioz.

5.- Aurrera begira, berdinean segitzeko asmoarekin diharduzue?

Egoera berrira egokitzean eta berritzean datza gure etorkizuneko plana, gure bezeroei kalitatezko gastronomia zerbitzu onena ematen jarraitzean.

Aurten berrituko da Saltsan. Besteren artean, irudia aldatuko du, modernizatu eta eguneratu egingo ditu zerbitzuak… Finean, testuinguru berrian sorturiko behar guztiei erantzun ahal izatea da helburua. Askotariko janaria eskaintzen jarraituko dugu, kalitatezkoa, prezio onean eta erraz erosteko moduan (dendan bertan, edo,  laster, etxean). Saltsan berritu egingo da, baina ez du bere esentzia galduko, batez ere, erreferente izan gura duelako konfiantzazko gastronomian.

Positiboki begiratu behar zaio etorkizunari. Gogor egin behar da lan aurrera egiteko, beste 26 urte edo gehiagoko bidea egin ahal izateko. Bizirik jarrai dezala Saltsanek, kalitatezko gastronomian erreferente izaten Durangaldean. SALTSAN, KONFIANTZAN!


Comments


Write a Comment

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies